EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioaren alde agertu da Jose Luis Bilbao
Zenbait abertzale «izpiritu zaharkitu bat berritu nahirik» dabiltzala esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Jose
Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak (EAJ) uste du hirukoaren formula
ahitua dagoela, eta soilik EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu «koalizio
handi» batek egitura dezakeela euskal herritarren arteko elkarbizitza.
«Akordio handia soilik indar sozialisten eta indar abertzale
demokratikoen arteko metaketan egitura daiteke».
Bilbaoren ustez, Joseba Egibarrek martxoaren 9ko hauteskundeen bezperan
proposatu zuen Euskal Herria Bai moduko indar abertzaleen koalizioak ez
lituzke «herritarren egungo eskaerak» erantzungo, «Lizarra bis» bat
baino ez litzatekeela izango dio, eta «porrotera kondenatua» legokeela.
Zenbait abertzale «izpiritu zaharkitu bat berritu nahirik» dabiltzala
dio: «Gora Euskadi askatuta oihukatu eta gora! erantzun ondoren, zer
egin behar dugu hurrengo egunean? Zeintzuk dira proposamen zehatzak
herritarren arazoei eta eskariei erantzuteko? Hor ez dago erantzunik».
Bilbaok uste du erabakitzeko eskubidean oinarritutako koalizio batek ez
dituela herritarren «benetako kezkak» argitzen, eta EAE eta Espainiaren
arteko harremanen artean «sakoneko aldaketa» baten alde azaldu da.
«Nahitaezkoa izango da gizartearen erdigunea ordezkatzen duen zentro
ezkerreko korronte nagusiak elkar ulertzea, eta bide ematea politikoki
eta instituzionalki akordio horri».
Bilbaok adierazpen horiek egin zituen atzo Lurralde Historikoen
Legearen 25. urteurrena izenburupean Sabino Arana Fundazioak
antolatutako hitzaldi-zikloan.
Tags: Jose Luis Bilbao, EAJ, PNV, PSE


